2022ko gertaera garrantzitsu batzuk. 2023ri zer eskatzen diogu?

Por Gizatea

el 18-01-2023

Urtero bezala, egindako lanaren eta azken hilabeteetan lortutako helburuen balantzea egin behar da, baita erronkaz betetako urte berri bati aurre egin ere. Jarraian, Gizateak 2022an bere jarduera ardatz nagusietan lortutako mugarri batzuk laburbilduko ditugu.

Alde batetik, Gizateak azken urtean izan duen elkarrizketa politikoaren zati handi bat gure laneratzeko enpresen arau-esparrua osatzen duten testuen lege aldaketarako prozesuetan eragina izatean zentratu da. Estatuan, Laneratzeko Enpresen Enpresa Elkarteen Federazioaren (FAEDEI) bidez, 44/2007 Legearen aldaketan. Maila autonomikoan, EAEko erakundeekin, 182/2008 Dekretuaren aldaketan, Euskadin laneratzeko enpresen kalifikazioa, sarbide-prozedura eta erregistroa arautzeko. Prozesu hauetan, Gizateak izan duen eginkizuna legegintza testu berrietan Euskadiko laneratzeko enpresa guztien egungo eskariak eta errealitatea isladatzea eta kontuan hartzea izan da. 2023an bi aldaketa prozesuak amaitzea espero dugu eta behin betiko testuak onartzea eta argitaratzea.

Bestalde, sektorea hobetzeko eta indartzeko egin dugun lanean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailak finantzatutako Euskad(IN)klusiboa proiektua izan da laneratzeko enpresen eta lanpostuen kopuruaren hazkundean lan egiteko tresna, laneratzeko enpresa baliabide egokiena eta beharrezkoena den eremuetan bultzatuz. Proiektu horri jarraipena emango diogu 2023an, Euskad(IN)klusibo+ delakoaren bidez.

Gainera, Errenteriako Udalaren Erosketa Publiko Arduratsuaren eta Kontratu Erreserbatuen Sustapenaren Proiektuaren balioa azpimarratu nahi dugu. Prozesu hori toki administrazioarekin batera egin da, eta datozen hilabeteetan ikusiko ditu emaitzak.

Aipamen berezia merezi dute laneratzeko enpresak  tresnak eta partekatzekoespazioak sortu dituzten bi proiektuk. Lehenengoa, Gaitasun Digitalen Integrazioa sustatzea, laneratzeko langileen enplegagarritasuna hobetzeko; eta bigarrena, 2030 Agenda GIZATEAko enpresa elkartuetan integratzeko jardunaldiak. Biek izan dute bazkide diren enpresen parte-hartze aktiboa, horiek gabe ezinezkoa izango baitzen.

Azkenik, Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko “Esku-hartzea: bizi kalitatea eta gizarteratzea” lantaldeari esker ‘Laneratzeko enpresa osteko jarraipen-sistema bat diseinatu eta pilotatzeko’ proiektua nabarmendu nahi dugu, euskal laneratzeko enpresei laguntza ereduan beste urrats bat ematen duena.

6 urte igaro dira Berehalako Ekintza Plana (BEP) egin eta abian jarri zenetik. Urte hauetan gure sarearen errealitatea nabarmen aldatu da. Hori dela eta, datozen asteetan hausnarketa prozesu bat irekiko dugu, gure testuingurua eta laneratzeko enpresena ebaluatu eta berrikusteko, aurre egin behar diegun erronka berriak eta datozen urteetan benetan lortzeko egin beharreko ekintzak identifikatzeko.

Azken batean, 2023an, Gizateatik, gure lana laneratze enpresa bazkideen eta egunero gizarte berdinzaleago, bidezkoago eta iraunkorrago baten alde lan egiten duten langileen zerbitzura jartzen jarraituko dugu. Era berean, sareko lanaren filosofiarekin zintzo izango gara, eta lankidetzan arituko gara eragile publiko, pribatu, lagunak diren sareekin eta Hirugarren Sektore Sozialeko gainerako eragileekin.