el 29-05-2025
“Gizarte Ekonomia gaur egungo erronkei aurre egiteko: Enpleguaren eta Inklusioaren ikuspegitik” izenburupean, Euskadiko Gizarte Ekonomiaren Sareak (EGES) jardunaldia egin zuen maiatzaren 28an Donostiako Miramar jauregian, tokiko eta nazioarteko pertsona nabarmenak bilduz, gizarte-ekonomiak egungo testuinguruan duen rol eraldatzaileari buruz hausnartzeko.
Ekitaldian EGES osatzen duten gizarte-ekonomiako familietako ordezkariek parte hartu zuten —ASLE-Euskadiko Lan Sozietateen elkartea, EHLABE-Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea, Funko-Fundazioen Euskal Konfederazioa, Gizatea -Gizarteratzeko eta laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea, KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, eta REAS Euskadi-ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea, egungo erronken aurrean praktika onak partekatu zituena.
Jardunaldiko aipagarrietako bat Simel Esim, OITko Ekonomia Kooperatibo, Sozial eta Solidarioko Unitateko zuzendari eta NBEren Ekonomia Sozial eta Solidarioko Lan Taldeko buruaren eta Elena Pérez Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen arteko eztabaida izan da. Eva Silván-ek moderatuta, mahaiak gizarte-ekonomiaren dimentsio globala, enplegu inklusiboari egiten dion ekarpena, eginkizun demokratizatzailea eta zaintza, etxebizitza eta digitalizazioa bezalako arloetan egitura-eraldaketak burutzeko duen gaitasuna bezalako gaiak jorratu zituen.
Jarraian, Xabier Aierdi soziologoak, Begirune Fundazioko presidenteak, Euskal Herriko bilakaera soziodemografiko eta migratorioa jorratu zuen, migrazioak gizarte kohesiorako dakartzan erronken eta aukeren azterketa sakona eskainiz eta bizikidetza eta integrazioa indartzen duten politika inklusiboak txertatzearen garrantzia nabarmenduz, gizarte ekonomiak paper estrategikoa izan dezakeen esparruetan.
Itxiera ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendari Jokin Díazek egin du, eta erakundeak eredu ekonomiko eraldatzaile hau bultzatzeko duen konpromisoa berretsi du.
Egunak mezu argia utzi zuen: desberdintasun gero eta handiagoak, klima-erronkek eta gizarte-eraldaketa sakonek markatutako testuinguru global batean, gizarte-ekonomia gizarte justuago, kohesionatuago eta iraunkorragoa eraikitzeko funtsezko eragile gisa finkatzen ari da.
