el 22-04-2016
Gizateako eta REAS Euskadiko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean izan ziren apirilaren 4an, kontratazioari buruzko beren proposamenak eta planteamenduak aurkezteko.
Gizateak enplegu inklusiboaren aldeko erosketa publikoko politikak eskatu zituen, esate baterako, gizarteratze enpresetarako kontratuen alorreko legedia betetzea; REAS Euskadik, berriz, Ikuspegi Sozialetik Arduratsua izango den politika publikoa sustatzea eskatu zuen.
Irailaren 9ko 31/2015 Legea indarrean sartu zenetik, zeinaren arabera aldatu eta eguneratu egiten den autoenpleguaren alorreko araudia eta onartzen diren lan autonomoa eta ekonomia soziala sustatzeko eta bultzatzeko neurriak, perspektiba berriak zabaltzen dira gizarteratze enpresen kontratazio publikoa bultzatzeko, eta Gizateak hori baliatu eta bultzatu nahi du, sektorearen zerbitzura. Lege horrek Interes Ekonomiko Orokorreko Zerbitzuak ematen dituzten erakundetzat hartzen ditu gizarteratze enpresak, eta kontratu publiko erreserbatuen onuraduntzat hartzen ditu, sektorearen helburu historiko bati erantzunez.
Krisi garai honetan, langabeziak gora egin duen eta talde jakin batzuentzat enplegua lortzea gero eta zailagoa den garai honetan, Eusko Jaurlaritzak ugaldu egin behar ditu lan merkatuan sartzeko aukerak (lanpostu gehiago, enpresa gehiago) eta Gizarteratze Enpresen merkatua handitu behar du, orain arte administrazio publikoak zerbitzu horien bezero minoritarioa izan baitira (%24; sektore pribatuan, %76). Eta erabaki politiko bat baino ez da hori.
Baina, horrez gainera, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak gizarte, enplegu eta gizarteratzeko politikak indartzea eta gizarte bazterketaren kontra jarduteko, kalitateko enplegua sortzeko, emakume eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra bultzatzeko eta ingurumena zaintzeko tresna eraginkor gisa erabiltzea bere kontratuak, kontratazio publikoko europar jarraibide berrien espirituarekin bat eginez, zeinetan kontratazioa ez den helburu bat bere horretan, baizik eta tresna juridiko bat, botere publikoen zerbitzura dagoena eta haien funtsezko helburuak eta balioak betetzeko balia daitekeena: gizarte kohesioa, aberastasunaren banaketa, berdintasuna eta justizia.
Ikuspegi horretatik, REAS Euskadi hainbat erakunde publikorekin ari da lenean Euskal Herrian, toki politika eraldatzaile berriak indartzeko, ekonomia solidarioaren irizpideetatik abiatuta, oro har, eta sozialki arduratsua den erosketa sustatzetik abiatuta, bereziki.
Gizateatik Eusko Legebiltzarrari eskatzen diogu:
Euskal Gobernua estutu dezala, ekitaldi honetan bete dezan 31/2015 Legean xedatutakoa, hau da, ezar dezala kontratu erreserbatuaren irudiaren bitartez esleituko den gutxieneko bat (Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 5. Xedapen Gehigarria). Beste administrazio batzuk dagoeneko ari dira horretan, eta zehaztuta dituzte kontratu erreserbatuen gutxieneko helburuak: Asturiasko gobernuak %8 jarduera alor jakinetan; Nafarroako gobernuak %6; Aragoiko gobernuak %3 eta 8 bitartean; Balearretako gobernuak %3, etab.
Euskal kontratazio publikoaren azterketa bat bultzatu dezala (Gobernuak hasia eta sektore publiko osoari zabaldua), bai eta Gizarteratze Enpresen zerbitzuak eta produktuak erosteko aukerei buruzkoa ere.
Eusko Jaurlaritza (Enplegua eta Gizarte Politikak) eta Lanbide estutu ditzala, Gizatearekin lankidetzan, kontratu erreserbatuen alorrean xedatua bete dadin euskal sektore publikoan (enpresa publikoak, aldundiak, udalak…) eta horretarako laguntza eskatu dezatela.
Beste klausula sozial batzuk bultza ditzala, hala nola, gizartean eta lan munduan txertatzearekin zerikusia duten 6/2008* Ebazpenean bilduak.
REAS Euskadin, gainera, honako hau eskatzen diogu Eusko Legebiltzarrari:
6/2008 Ebazpenaren edukiak berreskuratzeko eta Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsua sustatzeko neurri eraginkorrak ezar ditzala.
Kontratazio publiko orokorrari buruzko euskal araudiaren eta/edo bereziki Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsuaren euskal araudi bat ezartzeko aukera azter dezala.
Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola, REASekin eta beste gizarte eragile batzuekin lankidetzan, Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsuaren alorreko jardunbideak gauza daitezen euskal sektore publikoan (gobernu autonomikoa, aldundiak, udalak, sektore publikoko enpresak…).
Legebiltzarraren aurrekontuan Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsuaren alorreko neurriak sustatu ditzala.
Legebiltzarreko taldeek eta alderdi politikoek Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsua bultza dezatela ordezkaritza duten eta/edo gobernu zereginak betetzen dituzten erakundeetan, eta horiek beraiek, erakunde gisa, antzeko politikak txerta ditzatela beren erosketa politiketan.