Gizatea Gara: Bertatik Elikatuz

Por Gizatea

el 23-10-2024

Harrera egin digute Zuriñe Mindegia eta Andoni Zulaika, Zabalduz entitate sustatzaileko arduradunek, Bertatik Elikatuz laneratzeko enpresari buruz hitz egiteko.

Nola sortzen da Laneratzeko Enpresa hau eta zein da bere jarduera nagusia?

Bertatik Elikatuz Gizarteratze Enpresa abian jarri zen 2023an, Zabalduz Kooperatiba Erakunde Sustatzailearen eta Fede Pacha & Co.ren arteko lankidetzari esker, proiektu gastronomiko baten bidez kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei laneratzeko aukerak eskaintzeko helburuarekin.

Proiektu hau Hernani Burujabe izeneko elikadura burujabetzarako estrategia lokal baten barruan kokatzen da. Estrategia honen bitartez elikadura osasuntsu eta arduratsua sustatzen dugu, bertako eta sasoiko produktuen kontsumoa sustatuz.

Bertatik elkartearen jarduera nagusia elikagaien eraldaketa da, Bertako Tupperren zerbitzua eta jantoki eta sukaldeen kudeaketa eskaintzen ditugu. Bertako ekoizleekin lan egiten dugu kalitate handiko elikagai freskoak eskaintzeko, ingurumena errespetatuz eta tokiko ekonomia babestuz.

Nolakoa izan da enpresa-proiektuaren bilakaera orduz geroztik?

Enpresaren jarduera duela gaur urtebete hasi zen: 2023ko irailaren amaieran hasi ginen zerbitzuak eskaintzen.

Azken urte honetan, lantaldea sortu dugu, instalazioak egokitu ditugu gure produkzio-jarduera aurrera eramateko, eta, batez ere, gure bezeroak mimatzen eta sendotzen jardun dugu.

Bertako Tupperren linea sendotu dugu 10 enpresa baino gehiagori zerbitzua eskainiz, produktu eraldatuak eskaintzen dizkiegu hainbat zentrori eta, aldi berean, haragiak eta barazkiak eraldatzeko zerbitzua eskaintzen diegu Hernani inguruko tokiko ekoizleei.

Hasiera ez da erraza izan, instalazioak egokitu, hainbat inbertsio egin eta lantaldea osatu behar izan dugulako. Hala ere, esan dezakegu gaur egun lantalde konprometitua eta bezero finkatuak ditugula, eta horiek hilez hil hazten ari direla.

Nortzuk dira enpresara heltzen diren langileak?

Gaur egun, lantaldea osatzen dute laneratze-prozesuan dauden 4 langilek, produkzioko 2 teknikarik eta koordinazio figura batek. 7 pertsona guztira, gehi gizarte-laguntzako figura eta erakunde sustatzaileen zuzendaritza.

Laneratze postuei dagokienez, horietako bi okela eta barazkien eraldaketan aritzen dira, hirugarren batek sukaldari laguntzaile gisa lan egiten du eta azkenik Bertatik banaketaz eta logistikaz arduratzen den pertsona dugu. Bizitza istorio desberdinak dituzten pertsonak dira, gizonak eta emakumeak, gazteak eta pertsona helduagoak, jatorri ezberdinekoak, norabide berean arraun egiten duten proiektua aurrera ateratzeko.

 

Ba al dago partekatu nahi duzuen proiekturik edo jarduera berririk?

Gaur egun, Bertako Tupperren ildoa handitzen ari gara etengabe, eta asmoa da formatu berriak eskaintzea langile kopuru handia duten enpresentzat, eta menu hotzak egun jakin batzuetarako.

Era berean, datorren urteari begira, KM0 elikagaien katalogo bat sortu nahi dugu, tokiko produktuetan oinarritutako produktu erdi-elaboratzaileak saltokiei eta ostalaritzari eskaintzeko.

Azkenik, aipatzekoa da hallah haragiarekin hasiko garela lanean orain arte hallah oilaskoarekin lan egiten genuen, baina txahalarekin eta behiarekin lan egiteko asmoa genuen ere.

Zer nolako ekarpen egiten dio laneratzeko enpresari Gizateako bazkide izateak?

Euskadiko laneratzeko gainerako enpresekin sarean lan egiteko eta lankidetza-harremanak sortzeko aukera. Gure lanertazeko enpresa kudeatzeko eta garatzeko ezagutza eta tresnak partekatzea, eta, gainera, laneratzeko enpresa guztiei eragiten dien gaurkotasunari eta Bertatik Elikatuz enpresarentzat erreserbatutako kontratu aukerei buruzko informazioa izatea. 

Mila esker Zuriñe eta Andoni!