Gizatea Gara: Sokaire Servicios de Limpieza S.L.

Por Gizatea

el 25-05-2026

Alazne Palacín Sokaire laneratze enpresaren kudeatzailea harrera egiten digu.

“SOKAIRE acompaña especialmente a personas que necesitan reforzar hábitos laborales, adquirir experiencia o recuperar la confianza para incorporarse posteriormente al mercado laboral ordinario. El empleo se convierte así en una herramienta de inclusión social y autonomía personal...“

Nola sortzen da Laneratzeko Enpresa hau eta zein da bere jarduera nagusia?

Gaztaroa Sartu Koop gizarte-ekimeneko kooperatibak 90eko hamarkadaren amaieratik dihardu gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen enplegurako trantsizioa errazteko proiektu berritzaileak garatzen. Horretarako, enplegu ordaindua, prestakuntza eta laneratze-soziolaboralerako laguntza uztartzen dituzten tresnak erabiltzen ditu. Hirugarren sektoreko beste eragile eta erakunde batzuekin elkarlanean, gaur egun Laneratze Enpresak deitzen ditugunak sustatu eta esperimentatu dituzte.

Sokaire 2004an sortu zen, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen —batez ere emakumeen— enplegurako sarbidea hobetzeko helburuarekin, Bizkaiko garbiketa-sektorean zerbitzuak eskainiz. Gaur egun, garbiketa eta atezaintza zerbitzu profesionalak eskaintzen dizkie enpresa pribatuei, hirugarren sektoreko erakundeei, administrazio publikoei eta partikularrei.

Bulegoen, komunitateen, ikastetxeen, industria-instalazioen, komun publikoen eta hiri-altzarien garbiketan jarduten dute, bezero bakoitzaren beharretara egokituz. Gainera, gizarte- eta prestakuntza-laguntza eskaintzen dute, kalitatezko zerbitzuak bermatzeko eta laneratze-prozesuan dauden pertsonak lan-merkatu arruntera bideratzeko.

Nolakoa izan da enpresa-proiektuaren bilakaera orduz geroztik?

SOKAIREren bilakaera oso positiboa izan da. Jarduera-bolumenean hazten joan gara, eta horri esker laneratze-postuen kopurua handitu ahal izan dugu, baita pertsonentzako lan-aukerak ere. Horrek garbiketa-sektorean enpresa profesional eta lehiakor gisa sendotu gaitu, gure izaera soziala galdu gabe.

Urteen poderioz, zerbitzuak zabaldu ditugu eta gure lan-sistemak hobetu ditugu, prozesuak digitalizatuz eta etengabeko hobekuntzarekin konprometituz (kalitate, ingurumen eta laneko segurtasun eta osasun ziurtagiriak ditugu). Eta, batez ere, langileei laguntzen diegu beren laneratze-prozesuan, ibilbidea amaitzen dutenean.

Gainera, kontratu eta bezero berrietara iristea lortu dugu; bezero horiek egindako lanaren kalitatea ez ezik, gure jarduerak sortzen duen inpaktu soziala ere baloratzen dute.

Nortzuk dira enpresara heltzen diren langileak?

SOKAIREn bizitza-ibilbide eta enplegua eskuratzeko zailtasun ezberdinak dituzten pertsonekin egiten dugu lan; enplegu-zerbitzuetako eta gizarte-zerbitzuetako pertsona zaurgarriekin, baita hirugarren sektoreko erakundeen programa eta proiektuetatik igaro diren pertsonekin ere. Guztiek aukera laboral bat bilatzen dute, egonkortasun ekonomikoa, laborala eta pertsonala berreskuratzeko.

SOKAIREk bereziki laguntzen die lan-ohiturak indartu, esperientzia eskuratu edo lan-merkatu arruntera sartzeko konfiantza berreskuratu behar duten pertsonei. Horrela, enplegua gizarteratzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko tresna bihurtzen da.

Ba al dago parteatu nahi duzuen proiekturik edo jarduera berririk?

Gaur egun, zerbitzu-ildoak zabaltzen eta kontratu berriak sendotzen jarraitzen dugu, bereziki arlo publiko eta sozialean. Gure helburuetako bat modu jasangarrian hazten jarraitzea da, laneratze-auker gehiago eskaini ahal izateko.

Garbiketa-zerbitzu jakin batzuetan espezializazioa indartzen ari gara, hala nola muturreko pilaketa-kasuen esku-hartzeetan (Diogenesen sindromea). Kasu bakoitzera egokituta koordinatzen dugu esku-hartzea. Gure taldeak enpatiaz, diskrezioz eta profesionaltasunez egiten du lan, pertsonaren duintasuna lehenetsiz eta jarduketa traumatiko edo deshumanizatuak saihestuz.

Esperientzia handia dugu horrelako esku-hartzeetan, eta jarduketa bakoitza ikuspegi profesional, koordinatu eta pertsonen egoera pertsonal eta sozialarekiko bereziki errespetuzkotik lantzen dugu.

Zer nolako ekarpen egiten dio laneratzeko enpresari Gizateako bazkide izateak?

SOKAIRERentzat, Gizateako kide izateak balio eta helburu komunak partekatzen ditugun laneratze-enpresen arteko lankidetza- eta laguntza-sare baten parte izatea esan nahi du.

Gizateak ikusgarritasuna, ordezkaritza instituzionala eta esperientziak zein jardunbide egokiak partekatzeko espazioak eskaintzen dizkigu. Gainera, laneratze-enpresek egiten dugun lana aitortzen laguntzen du, eta gure gizartean lan-aukera inklusibo eta kalitatezkoak sortzearen garrantzia indartzen du.

Ezagutzak eta esperientziak partekatzeko espazio komunak sortzea laguntza garrantzitsua da profesionalizazioan, berrikuntzan eta laneratze-enpresaren eredua benetako gizarte-eraldaketarako tresna gisa defendatzen jarraitzeko.