“Enplegu Inklusiboan berritzen” proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu Gizateak

Por Gizatea

el 23-12-2020

Abenduaren 17an, Gizarteratzeko eta Laneratzeko enpresetatik ohiko enplegura igarotzen: metodologia berriak eta aliantzak jardunaldia aurkeztu zuen Gizateak. Bertan, Ikerketa – Ekintza Proiektuaren emaitzak eta ikaskuntzak aurkeztu ziren: “Enplegu Inklusiboan Berritzen“.

Proiektu hau 2018 eta 2020 bitartean gauzatu da; Europako Gizarte Funtsak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak batera finantzatutakoa da eta Gizarteratzeko eta Gizarte Ekonomiako Programa Operatiboaren barruan dago. Haren helburu nagusia gizarteratzea sustatzea izan da, lan-merkatu inklusiboak sustatuz eta esku-hartze integraleko estrategiak garatuz. Horretarako, alde batetik, enpresa-sektorea sentsibilizatu egin da enplegu inklusiboaren arloan, eta gizarte-ekonomiako eta/edo merkataritza ekonomiako enpresei aholkularitza eman zaie bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonak kontratatzeko. Beste aldetik, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei enplegu arruntean laguntzeko eredu bat diseinatu, probatu eta ebaluatu egin da; laneratze enpresako ibilbide pertsonalizatuari jarraipena emanez, enplegu babestutik enplegu arrunterako trantsizioaren kalitatea hobetuz eta enplegu horri eusten lagunduz.

Topaketan, proiektu hau posible egin duten eragileek eta hilabete hauetan zehar proiektuan aktiboki parte hartu duten pertsona askok parte hartu zuten.

Marijose Rodrigo, Gizatea-ko presidenteak hasiera eman zion jardunaldiari, gai-zerrenda aurkeztuz. Bloke horretan hainbat erakundetako ordezkariek hartu zuten parte: Isabel Rueda, CEPESeko Erkidegoko Funtsen arloko koordinatzaileak, Europako Gizarte Funtsaren bitarteko erakunde gisa; Belén Larrión, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendari nagusiak; eta, azkenik, Teresa Laespada, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko diputatuak.

Ondoren, Joana Revilla Gizatea-ko koordinatzaileak, proiektua aurkeztu zuen. Lan ildoak eta egindako jarduerak azaldu zituen, eta laneratze-enpresen eta sektore pribatuaren artean zubiak eraikitzen jarraitzeko beharra nabarmendu zuen, lankidetza aukera berriak identifikatzeko. Honekin batera, Unibertsitateko ikertzaile taldeko kideak izan diren Garazi Yurrebasok, Igone Arosteguik eta Natxo Martinez-Ruedak, prozesuaren helburuak, faseak, metodologia, eta ikerketaren emaitza nagusiak zehaztu zituzten.

Jarraitzeko, Leire Alvarez de Eulatek gidatutako esperientzia mahai-inguruan, proiektuan parte hartu duten pertsonez osatu zen eta bertan izandako esperientzia lehen pertsonan kontatu zuten. Laneratzeko langile batek, laguntza-teknikari batek eta Zaintzean enpresaren kudeatzaileak, hainbat ikuspegitatik, haien parte-hartzea azaldu zuten.

Jardunaldiaren azken blokea proiektu osoaren ondorioak, ikaskuntzak eta etorkizuneko ildoak azaltzeko balio izan zuen, Joana Revillaren eskutik.

Berriz ere eskerrak eman nahi dizkiegu proiektua babestu duten erakunde publikoei; laneratzeko enpresei, laneratzeko profesional eta langileei eta enplegu arruntari laguntzeko programan parte hartu duten enpresei; ikerketa-ekintza prozesu honetan lagundu eta gidatu gaituen unibertsitateko ikerketa taldeari, eta, bereziki, jardunaldian parte hartu duten pertsonei, bai eta ere pantailaren beste aldean.

Eskerrik asko!