el 21-07-2026
Gizateak eta REAS Euskadik lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute, bi sareen arteko aliantza sendotzeko eta pertsonak erdigunean jartzen dituen ekonomia-eredu inklusiboago, jasangarriago eta bidezkoago baten alde egiteko. Akordio honek gizarteratze-enpresen eta Euskadiko Ekonomia Sozial eta Solidarioko (ESS) erakundeen arteko sinergiak sustatzea helburu duen lankidetza sendotzen du.
Hitzarmenak lankidetza-esparru egonkor bat ezartzen du, bi erakundeak indartzeko eta ekonomia bidezkoago eta kohesionatuago baten alde egingo duten ekimen bateratuak garatzeko. Gaur egun, REAS Euskadik Ekonomia Sozial eta Solidarioko 135 erakunde biltzen ditu; horietatik 21 Gizateako bazkide diren gizarteratze-enpresak dira.
Hitzarmenean jasotako lan-ildo nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:
- Erosketa eta kontratazio publiko arduratsua sustatzea, administrazio publikoetan klausula sozialak eta gizarteratze-enpresentzako merkatu-erreserba bultzatuz, baita administrazioekin lankidetzarako tresnak eta espazioak garatuz ere.
- Merkatu soziala indartzea, bi sareetako erakundeen arteko lankidetza sustatuz, Gizatearen Gizarte Balantzearen eta REAS Euskadiren Auditoria Sozialaren arteko osagarritasunak aztertuz, eta komunikazio eta sustapen ekintza bateratuak bultzatuz.
- Eragin politiko eta soziala indartzea, estrategia partekatu baten bidez gizarteratze-enpresen eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ekarpena ikusgarri egiteko Agenda 2030, erosketa publiko erreserbatua edo merkatu sozial inklusiboa sustatzeko ekimenetan.
- Interes komuneko ekimen berriak garatzea, bi sareen arteko komunikazioa, ezagutzaren trukea eta sinergien sorrera hobetzeko.
Era berean, hitzarmenak jarraipen-batzorde misto bat eratzea aurreikusten du. Batzorde horrek urteko lan-planak prestatuko ditu, eta gutxienez urtean bitan bilduko da ekintza bateratuen koordinazioa eta jarraipena egiteko. Lankidetzak lau urteko hasierako indarraldia izango du, eta automatikoki beste lau urtez luzatu ahal izango da.
Berritze honekin, Gizateak sareko lanarekiko eta aliantzak eraikitzeko konpromisoa berretsi egiten du, gizarteratze-enpresen eginkizuna indartuz, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen laneratzea eta gizarteratzea sustatzeko tresna eraginkor gisa.
