el 26-05-2026
Joan den maiatzaren 5ean hasi zen online mikroegiaztagiria “Kontratazio erreserbatua gizarte-politikako tresna gisa: aplikazio praktikoa Euskal Administrazio Publikoan”. Prestakuntza-ekimen hau Gizateak sustatu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) elkarlanean. Prestakuntza ekainaren 9ra arte luzatuko da, eta bost online saio, parte-hartze foro eta amaierako jarduera praktiko bat izango ditu. Lehen edizio honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunde publikotako, laneratze-enpresetako eta hirugarren sektore sozialeko 30 lagunek eman dute izena.
Lehen saioa EHUko Gezki Kooperatiba Zuzenbide eta Gizarte Ekonomiako Institutuak eskaini zuen, eta mikroegiaztagiriaren aurkezpena egiteaz gain, ekonomia sozial eta solidarioa eta tokiko sustapen-politika publikoak aztertu ziren. Jardunaldian Euskadiko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren inguruko oinarrizko kontzeptuak landu ziren, baita Laneratze Enpresen (LE) eta Enplegu Zentro Berezien (EZB) berezitasunak ere, gizarteratze eta laneratze tresna gisa. Horrez gain, tokiko administrazioetatik sustapenerako dauden esku-hartze eredu eta tresna praktiko ezberdinak ere jorratu ziren.
Hurrengo saioak Javier Mendozak gidatuko ditu, eta erosketa publiko arduratsuan eta kontratazio erreserbatuan sakonduko dute. Programak erosketa publiko arduratsuaren historia eta oinarri etikoak, kontratazio publikoari lotutako gizarte-alderdiak eta dauden aukera tekniko eta prozeduralak lantzen ditu. Era berean, indarrean dagoen arau-esparrua aztertuko da, bereziki 2014/24/EB eta 2014/23/EB Zuzentarau europarrak eta Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legea.
Prestakuntzak ikuspegi praktikoa ere izango du, kontratu erreserbatuen plangintza, formulazioa, argitalpena, ebaluazioa eta esleipena lantzeko, baita jardunbide egokiak identifikatzeko ere. Azken saioa ekainaren 9an izango da, Gizatearen eskutik, eta kontratu erreserbatu baten garapen praktikoan oinarrituko da. Bertan, Laneratze Enpresen laguntza-eredua, plegu bat formulatzeko erabaki-zuhaitza eta plegu zirriborro baten diseinua landuko dira.
Gizateak eta EHUk elkarlanean sustatutako mikroegiaztagiri honen bidez, parte-hartzaileen gaitasun teknikoak indartu nahi dira, eta kontratazio publikoa Euskadin gizarte-eraldaketarako eta lan-inklusiorako tresna gisa sustatu.
