el 14-06-2024

Joan den ekainaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak antolatutako Bilboko Euskalduna Jauregian egindako IV. Inklusiorako Jardunaldian parte hartu zuen GIZATEAk. Politika publikoen ebaluazioa izan zen jardunaldiaren ardatz nagusia.
Ongietorri instituzionalaren ondoren, jardunaldia Carlos Hinojosaren hitzaldi markoarekin hasi zen: Politika publikoen ebaluazioa instituzionalizatzeko erronkak. Azken honek gako batzuk eman zituen ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) gobernantza publikoko zuzendaritzatik, administrazioaren maila guztietako politika publikoen ebaluazioa zeharkakotasunez egiteari buruz.
Politika publikoak ebaluatzeko erakundeetako ordezkariek osatu zuten lehen eztabaida-mahaia. Bertan Stephen Sinclair Eskoziako Pobrezia eta Berdintasun Batzordeko presidenteak, Marc Balaguer IVALUAko (Politika Publikoen Ebaluaziorako Kataluniako Institutua) zuzendari exekutiboak, Marijose Gómez Politika Publikoen Ebaluaziorako Institutuko zuzendariak eta Daniel Catalá Politika Publikoen Ebaluaziorako Espainiako Elkarteko presidenteak hartu zuten parte.
Servicios de Hostelería Peñascal laneratze-enpresak eskainitako Kafearen ondoren, inklusio-prozesuak neurtzeko hainbat metodologia eta tresna ezagutzeko aukera izan genuen. Mahai horretan parte hartu zuten José María Arranz Alcalá de Henares Unibertsitateko ekonomiako katedradunak, Alaitz Artabe Iseak Fundazioko ikertzaileak eta Federico Muñiz SEPEko Estatistika eta Informazioko zuzendariorde nagusiak.
Arratsaldeko hitzaldiak, Euskadiko inklusio-politika publikoak ebaluatzeko agenda bat eraikitzearen ingurukoak izan ziren, hainbat esperientziaren bidez:
Alde batetik, lehen mahaian, Alfonso López EAPN Euskadiko koordinatzaileak moderatuta, ebaluazioak gure ingurunean dituen beharrak aztertu ziren. Joseba Zalakainek, SIISeko zuzendariak, Ana Sofi Telletxeak, Bizkaiko Caritaseko analisi eta garapeneko arduradunak eta Óscar Secok, BFAko Gizarteratzeko zuzendari nagusiak, beren sektoreetatik hitz egin zuten behar horien inguruan.
Bestalde, bigarren mahai batean, hainbat ebaluazio-esperientzia ezagutu genituen Koldo Peciña Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendariaren, Sara de la Rica ISEAK Fundazioko zuzendariaren, Paula Salinas KSNETeko zuzendari eta bazkide fundatzailearen eta Antonio Igea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko kalitate eta ebaluazio teknikariaren eskutik.