Kontratazio erreserbatuari buruzko barne-jardunaldia

Por Gizatea

el 29-10-2026

Joan den urriaren 2an, Gizateak «Kontratazio erreserbatua sektorea indartzeko tresna gisa» izeneko barne-jardunaldia egin zuen, erakunde bazkide diren gizarteratze-enpresei zuzendutako topaketa- eta ikaskuntza-gunea. Jardunaldiaren helburua esperientziak partekatzea eta kontratazio publikorako sarbidea errazteko tresna praktikoak eskaintzea izan zen, gizarteratze-enpresen iraunkortasuna indartzeko eta gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako enplegu-aukera berriak sortzeko.

Jardunaldiaren lehen zatia, «¡Embarcamos!» izenekoa, EAEko gizarteratze-enpresen arteko esperientzia-trukean oinarritu zen. Lanagro, Bidebarri, Beterri Errotuz, Suspertu, Emaus Servicios Medioambientales, Peñascal Servicios de Hostelería eta Sokaire enpresetako ordezkariek kontratazio erreserbatuarekin lotutako jardunbide egokiak, ikaskuntzak eta erronkak partekatu zituzten. Solasaldian, administrazio publikoekin konfiantzazko harremanak sendotzearen, oztopo burokratikoak gainditzearen eta gizarteratze-enpresek eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea zein sortzen duten balio soziala aintzat hartzen dituzten lizitazioak sustatzearen garrantzia nabarmendu zen.

Bigarren zatian, «¡Al abordaje!» izenekoan, Javier Mendoza La Lagunako Unibertsitateko (Kanariak) irakasle eta kontratazio erreserbatuan adituak parte hartu zuen, kontratazio publikoaren araudiak eskaintzen dituen aukeretan sakontzeko. Saio parte-hartzailean, hainbat gai landu zituen, hala nola kontratuen eta loteen erreserba, esleipen-irizpideak, kaudimen-baldintzak eta klausula sozialen txertaketa. Horrez gain, bertaratutako enpresa bazkideetako ordezkariek planteatutako zalantzei eta ekarpenei erantzun zien. Esperientzia-truke horri esker, alderdi praktikoak argitu eta gizarteratze-enpresek lizitazio publikoetan duten parte-hartzea hobetzeko estrategiak identifikatu ahal izan ziren.

Jardunaldiak agerian utzi zuen kontratazio erreserbatuak sektorea indartzeko eta gizarteratze eta laneratzerako aukerak zabaltzeko tresna estrategiko gisa duen potentziala. Horrelako ekimenen bidez, Gizateak erosketa publiko arduratsua sustatzeko duen konpromisoa berresten du, ikaskuntza partekatua eta lankidetza bultzatuz, eredu ekonomiko inklusiboago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko.