el 09-07-2020
Haurrentzako jolasen errealitate berria
Atzo, Lezamako udako umeentzako programazioaren hasiera bizi zen, une oro segurtasun neurriak beteta
COVID-19 birusa Bizkaiara ailegatu zenetik, zenbatu ezinak izan dira eskutik ekarri dituen arlo desberdinetako ondorioak, izan ere, biztanleriaren egunerokotasuna oso modu borti-tzean astindu zuen honek; lehenengo berrogeialdia behartuta eta, ondoren, kutsaketa arriskua ekiditeko segurtasun neurri zorrotzak erabiltzea eraginda. Zorionez, desnkonfinamenduaren aurrerapen arrakastatsuak “normaltasun berria” delakoarekiko pausu asko eman ditu jada eta honen helburu argi bat dira probintziako herri desberdinetan ospatzen ari diren ekintza desberdinak. Esate baterako, atzo, Lezamako haur eta gaztetxoek oso jardunaldi berezia bizi izan zuten, izan ere, Uda jolasean kanpainako estreinako jarduera ospatu zen. Udaletxe atzeko parkean, Keima Animazioa enpresako kideek bi espazio desberdin antolatu zituzten; bata badmintonean jokatzeko eta, bestea, eskulan tailer desberdinak egiteko. Kasu guztietan, beharrezkoa izan zen segurtasun-neurri zorrotz batzuk betetzea. “Guztira, 20 pertsonako gehienezko edukiera dauka guneak, bi gunetan banatuta eta hauetan txandaka helduko da jendea. Talde bakoitzak bukatzen duenean, erabilitako materiala desinfektatuko da eta, gainera, beharrezkoa izango da maskararen erabilera. Inork maskararik ez izanez gero, guk ere baditugu gureak inork esperientzia hau galdu ez dezan”, adierazi zuen Janire Elorriagak, Keima Animazioko monitoreak. Beste alde batetik, jolasgunera sartzeko ileran ere beharrezkoa izan zen segurtasun-distantzia mantentzea eta, horretarako, anotlakuntzak lurrean kolorezko zintak itsatsi zituen argi geratu zedin non kokatu behar zen jendea.
Herriko haur eta gurasoek alaitasun handiz jaso zuten aurtengo Uda jolasean proiektua, izan ere, azken hilabeteak oso zailak izan dira ume askorentzat eta honelako ekimenak oso ondo daude normaltasun maila bat berreskuratzeko Iñaki Reguero aita lezamarraren arabera: “Kontuan izanda orain arte egon diren mugak eta azken hilabeteetan umeak ez direla eskolara joan, oso positiboa iruditzen zait ekintza hauen antolakuntza, batez ere haurrek haien artean harremana berreskuratzeko eta beldurra galtzeko”. Bere antzera, Aitziber Makoaha bere seme-alabekin, Aiert eta Bidanerekin, hurbildu zen jolasen gunera eta, bere aburuz, oso iritzi positiboa izan zuen Uda jolasean proiektuaren inguruan: “Osasun-egoera kontuan izanda, haurrek asko eskertuko dute honelako ekintzak egin ahal izatea. Gainera, ikusita segurtasun-neurriak betetzen direla, askoz hobeto”.
Iturria: Deia