el 21-09-2026
GIZATEA – Euskadiko Laneratze Enpresen Elkarteak sareko 40 laneratze-enpresen 2025eko datu ekonomiko eta sozial nagusiak aurkeztu ditu. Ekitaldia Donostiako UBA Aterpe-Eskolan egin da, Donostiako Sustapenaren proiektu batean, Suspertu laneratze-enpresak kudeatzen duena.
Maite Uribarren Gizateako presidenteordeak laneratze-enpresek gero eta konplexuagoa den gizarte- eta lan-errealitatera egokitzeko duten gaitasuna nabarmendu du, etxebizitza eskuratzeko zailtasunek eta gero eta askotarikoagoak diren kalteberatasun-egoerek markatutako testuinguruan. «Jokoan dagoena ez da soilik lanpostu bat eskuratzea, baizik eta pertsona batek autonomia berreskuratzea, bere eskubideak baliatzea eta gizartean bete-betean parte hartzeko eta ekarpena egiteko aukera izatea», adierazi du.
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak Gizatea lagundu du aurkezpenean. Bere hitzaldian azpimarratu duenez, «enplegua da oraindik ere gizarteratzeko tresnarik onena. Enplegu duina, lagundua, gaitasunak aitortzen dituena eta pertsonei konfiantza itzultzen diena». Era berean, laneratze-enpresak «lehen mailako inbertsio sozial eta ekonomikoa» direla nabarmendu du, baita «gizarte-kohesiorako eta aukera-berdintasunerako tresnak» ere.
Bestalde, Ane Oyarbide Donostiako Udaleko bigarren alkateorde eta Berdintasuneko, Ekonomiako eta Tokiko Enpleguko zinegotziak UBA Aterpe-Eskola nabarmendu du enplegu inklusiboa sustatzeko lankidetzaren adibide gisa, udal-espazio batean jarduera ekonomikoa, prestakuntza eta laneratzea uztartzen dituen proiektua baita.
2025eko Gizarte Memoria
2025eko datuek sektorearen hazkunde jarraitua erakusten dute, eta laneratze-enpresak gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko tresna gisa duten eginkizuna berresten dute:
- Sektoreak sortutako enplegua % 11,9 hazi da 2024arekin alderatuta. Laneratze-enpresek, guztira, 2.200 pertsonari eman diete lana. Horietatik % 53 emakumeak dira eta % 47 gizonak.
- 1.341 pertsona laneratze-prozesuan daude, hau da, langile guztien % 61. Kopuru hori % 11,2 handitu da aurreko urtearekin alderatuta.
- Laneratze-tasa % 57,2koa izan da. Adierazle horrek laneratze-enpresa batean ibilbidea amaitu ondoren lan-merkatuan sartzen diren pertsonen ehunekoa neurtzen du. 2025ean, 159 pertsona lan-merkatuan sartu ziren beren ibilbidea amaitu ondoren. Datu hori aztertzeko, kontuan hartu behar dira bazterketa-egoera gero eta konplexuagoak, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta, enplegu-datu onak izan arren, inklusio-prozesuak beti errazten ez dituen lan-merkatua.
- Adierazle ekonomikoek ere sektorearen hazkundea islatzen dute. Diru-sarrera guztiek 67,7 milioi euro gainditu dituzte, eta ondasunen eta zerbitzuen salmentak dira finantzaketa-iturri nagusia, diru-sarreren % 74rekin. Fakturazioa 50 milioi eurokoa izan da: salmenten % 83 bezero pribatuetatik dator eta % 17 sektore publikotik.
Azken datu horrek agerian uzten du laneratze-enpresentzat erreserbatutako kontratazioaren bidez hazteko aukera dagoela, Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legearen laugarren xedapen gehigarrian jasotzen den bezala.
- Laneratze-enpresek duten inpaktu sozialarekin batera, gizarteari itzulkin ekonomikoa ere sortzen diote. 2025ean, zergen bidezko itzulkina 3,65 milioi eurokoa izan dela kalkulatu da, eta laneratze-postu bakoitzak administrazio publikoei egiten dien ekarpena 9.387 eurokoa dela zenbatetsi da.
Gainera, laneratze-postu baten benetako kostua 6.237 eurokoa dela kalkulatu da; beraz, administrazio publikoarentzat 6.790 euroko aurrezpena dakar laneratze-postu bakoitzeko, DSBEa edo gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko beste errenta batzuk jasotzen dituen pertsona baten kostuekin alderatuta.
Azken batean, 2025eko datuek berretsi egiten dute Euskadiko laneratze-enpresek pobreziaren aurka borrokatzeko eta gehien behar duten pertsonak enplegurako aktibatzeko tresna gisa betetzen duten eginkizuna.
Lotutako albisteak
- “Las empresas de inserción vascas alcanzan los 50 millones de facturación y dan trabajo a 2.200 personas”. Diario Vasco. 10/09/2026
- “Las 40 empresas de inserción de Euskadi emplearon a 2.200 personas en 2025 y facturaron 50 millones”. Noticias de Gipuzkoa. 10/09/2026
- “Enpleguak %12 egin zuen gora iaz EAEko laneratze enpresetan”. Berria. 2026/09/11
- “Las 40 empresas de inserción de Euskadi emplearon a 2.200 personas en 2025 y facturaron 50 millones”. Onda Vasa. 10/09/2026
- “Las 40 empresas de inserción de Euskadi facturan 50 millones en 2025 y dan empleo a 2.200 personas trabajadoras”. Última hora. 10/09/2026
- “Mikel Torres reivindica que el empleo es la mejor herramienta de inclusión social”. Irekia. 10/09/2026
- “El empleo en las empresas vascas de inserción sociolaboral crece casi un 12 %”. EFE. 10/09/2026
- “Las 40 empresas de inserción de Euskadi facturan 50 millones en 2025 y dan empleo a 2.200 personas trabajadoras” Europa Press. 10/09/2026
