el 25-06-2025
Laneratze-prozesuetan laguntzen duten pertsonek (PTI) funtsezko papera betetzen dute egoera ahulean dauden kolektiboen gizarteratze-prozesuetan. Profesional horien gaitasunak indartzeko eta tresna eguneratuak eskaintzeko beharraren jakitun, Gizatea, Euskadiko Gizarteratze Enpresen Elkartea, azken asteetan hainbat prestakuntza-saio antolatzen ari da langile horientzat.
Prestakuntza horietako bat Médicos del Mundo erakundeak eskaini du, bazterketa-arrisku handienean dauden kolektiboekin lan egiten duen elkarteak, hala nola prostituzioan edo trata-egoeran dauden emakumeekin. Saioan, indarrean dagoen legedia, egoera horietan dauden pertsonen profilak eta errealitateak sakon aztertu ziren, eta kasu praktikoen bidez, jasotako ezagutzak eguneroko lanean aplikatzeko aukera izan zuten. Era berean, emakume horiek jasaten dituzten estigma sozialak ere landu ziren, askotan, enplegua eta bizimodu duina eskuratzeko oztopo gehigarri bihurtzen baitira.
Bestalde, Gizateako gizarteratze-enpresetako laneratzeko teknikariekin beste prestakuntza-saio bat ere egin zen, autozaintza eta osasun mentalaren ingurukoa, Agintzariko profesional batek dinamizatuta. Bertan, funtsezko gaiak jorratu ziren, hala nola emozioen kudeaketa, estresaren prebentzioa eta nekea edo gainkarga profesionalaren aurkako estrategiak, egunerokoan gizarteratze-prozesuetan laguntzen duten pertsonen ongizatea bermatzeko ezinbestekoak direnak.
Ekimen horien bidez, Gizateak berriro berretsi du bere konpromisoa gizarteratze-enpresei kalitatezko esku-hartzea bermatzeko tresnak eskaintzeko, eta lan-ingurune inklusiboagoak, sentikorragoak eta iraunkorragoak sortzen laguntzeko. Talde teknikoen etengabeko prestakuntzak eta zaintzak laguntza eraginkorragoa ahalbidetzen dute, eta horrek aukera gehiago sortzen ditu egoera ahulean dauden pertsonentzat gizarteratze-prozesuetan.
