Gizatea gara: Ikatzbizi S.L.

Por Gizatea

el 26-06-2025

Harrera egin digu Jesus Gazapo, Ikatzbizi laneratze enpresako zuzendaria.

“Gizateak oinarri sendo bat eskaintzen digu, administrazio publikoarekin eta beste sare batzuekin harreman eta bitartekaritza fidagarria, eta batez ere, gure antzeko entitateekin esperientziak partekatzeko eta bizitzeko aukera…… “

Nola sortzen da Laneratzeko Enpresa hau eta zein da bere jarduera nagusia?

Ikatzbizi 2002an sortu zen, adineko pertsonentzako zaintza-enpresa modura, etxebizitza-erresidentzia formatuan. Hasieran, bazterketa-arriskuan zeuden emakumeekin lan egiten hasi ginen, bereziki indarkeria matxista jasan zuten emakumeekin, haiei etorkizun bat, prestakuntza eta aurrera egiteko tresnak eskaintzeko. Jarduera nagusia, beraz, adinekoen eta/edo mendeko pertsonen zaintza eta laguntza da; elikadura, higienea, gainbehera fisiko eta kognitiboaren prebentzioa, garbitasuna, eta batez ere zaintza emozionala eta harremanezkoa lantzen dira.

Nolakoa izan da enpresa-proiektuaren bilakaera orduz geroztik?

Hasieran, Gasteizko erdiguneko alokairuko etxebizitza batean kokatutako erresidentzia txiki batekin hasi ginen, 8 pertsonentzako lekua genuen. Urteen poderioz, lekua bete egin zen eta langile kopurua handitzen joan zen, hori guztia hainbat pertsonaren borondateari eta konpromisoari esker.

2009an, gure jabetzako lokal batera aldatu ginen, erdigunetik zertxobait urrunago dagoen auzo batera, eta gaur egun arte, 14 pertsonentzako lekua dugu. Ondoren, 2014an, adinekoentzako apartamentu-bloke baten kudeaketa hartu genuen; bertan ere, langileak eta laguntzaileak laneratze-prozesuan dauden pertsonak dira. Eguneroko garbiketa eta egoiliarren jarraipena egiten dugu han. 2022an, Gasteizko erdigunean eguneko zentro bat ireki genuen, non adinekoei eta mendekoei laguntza eskaintzen diegun. Bertan, batez ere, harremanetan eta estimulazio fisiko eta kognitiboan jartzen dugu indarra. Azkenik, 2025etik aurrera, bigarren apartamentu tutelatuen bloke bat ere kudeatzen dugu Gasteizen.

Nortzuk dira enpresara heltzen diren langileak?

Gurekin lan egiten duten pertsonak, gehienbat, Gizarte-Arretako Profesionaltasun Ziurtagiria lortu duten emakumeak dira. Gure baliabide guztietan, gutxi gorabehera 21 pertsona daude laneratze-prozesuan, eta plantillaren gainerako kideak kudeaketako eta laguntzako profesionalak dira: Gizarte Hezitzailea, Erizaina, Gizarte Langilea, Terapia Okupazionaleko Profesionala, Pedagogiako Profesionalak…

Ba al dago partekatu nahi duzuen proiekturik edo jarduera berririk?

Gure ametsen artean dago etorkizunean erresidentzia apur bat handitzea eta dugun gaitasun pedagogikoa nolabaiteko prestakuntza arautu batean bideratzea, baina poliki-poliki. Une honetan, benetako helburua da ditugun proiektuak sendotzea, eta ez hastea kudeatu ezin dugun ezer berririk.

Zer nolako ekarpen egiten dio laneratzeko enpresari Gizateako bazkide izateak?

Gizateak oinarri sendo bat eskaintzen digu, administrazio publikoarekin eta beste sare batzuekin harreman eta bitartekaritza fidagarria, eta batez ere, gure antzeko entitateekin esperientziak partekatzeko eta bizitzeko aukera.