Gizatea Gara: Laiatzen S.L.

Por Gizatea

el 29-10-2026

Laiatzen gizarteratze-enpresa aurkezteko, Asier Mintegui gerenteak harrera egiten digu.

“Gizarteratze-enpresetan lan egiten dugunon ikuspegitik, elkartzeak eta sarean lan egiteak energia eta motibazio berria ematen digu, eta agerian uzten du pertsona asko garela gizartea eraldatzeko eredu honetan sinesten dugunak…”

Nola sortu zen gizarteratze-enpresa hau eta zein da bere jarduera nagusia?

Laiatzen SL 2011n sortu zen Tolosan. Peñascal Kooperatibak sustatuta, helburu nagusia gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzat metalaren sektorean lan-merkatu arruntera iristeko zubi bat sortzea izan zen.

Batez ere, metalezko arotzeria, soldadura, galdaragintza, mekanizazioa eta metalezko egituren arloko zerbitzuak eskaintzen ditugu. Tamaina handiko industria-elementuen ekoizpena eta metalezko altzarien fabrikazioa, obretako zerbitzuak, eraberritze-lanak eta hiri-mantentze lanak uztartzen ditugu.

Nolakoa izan da enpresa-proiektuaren bilakaera ordutik hona?

Sortu ginenetik, etengabeko bilakaera izan dugu, bai gaitasun teknikoari dagokionez, bai lurralde-hedapenari dagokionez. Hasieran, ohiko metal-lanetan eta tamaina txikiagoko proiektuetan zentratzen ginen, baina denborarekin gure ekoizpen-ildoak dibertsifikatu ditugu, eta konplexutasun tekniko handiagoko proiektuetan eta akaberetan espezializatu gara.

Azpiegiturei dagokienez, proiektua sendotzeak Bizkaian (Bilbo) eta Gipuzkoan (Tolosa) lantokiak izatea ahalbidetu digu, eta horrek gure jarduera-eremua autonomia-erkidego osora zabaltzen du. Era berean, lantaldea sendotuz joan gara, industria-bezeroen, erakunde publikoen eta eraberritze txikien eskaerei erantzuteko gaitasun handiagoarekin.

Nortzuk dira enpresara lanera iristen diren pertsonak?

Gure enpresara lanera iristen diren pertsonak, batez ere, gure prestakuntza-prozesuetatik datozen ikasleak dira (gizonak zein emakumeak, nahiz eta metalaren sektorea oso maskulinizatuta egon). Araututako prestakuntza edo enplegurako prestakuntza-ikastaroak egin dituzte. Batzuetan, prestakuntza-praktikak gurekin egiten dituzte, eta beste batzuetan, irakasleek beraiek gomendatzen digute ikasle horietako batzuk kontratatzea eta haiekin esku hartzea. Epe ertainera lan-merkatu arruntera sartzeko aukerak dituzten pertsonak dira, baina oraindik gizarteratze-enpresaren laguntza eta akonpainamendua behar dituzte prozesua arrakastaz burutzeko. Gehienbat, Afrikako jatorria duten gizon migratzaileak dira.

Ba al duzue partekatu nahi duzuen proiekturik edo jarduera berririk?

Gaur egun, tamaina handiagoko proiektuei eta diseinuaren zein egituren arloko erronkei erantzuteko gaitasuna handitzeko lanean ari gara. Kalitatean jauzi bat eman nahi dugu, eta hiri-altzarietarako altzairu herdoilgaitzezko gero eta lan gehiago egin. Horrek langileentzako prestakuntza espezifikoa eskatzen du, eta, aldi berean, etorkizunean laneratzea errazten die.

Zer ekarpen egiten dio gizarteratze-enpresari Gizateako bazkide izateak?

Gizateako kide izateak Euskadiko gainerako gizarteratze-enpresekin harremanetan eta koordinatuta egoteko aukera ematen digu, gure sektoreko eta beste lanbide-eremu askotako errealitateak partekatuz. Laneratzea sustatzeko edo gure eguneroko jarduna hobetzeko baliabideak eta laguntza eskuratzea oso interesgarria da, baita gure lantaldeak indartzeko prestakuntza-eskaintza ere, bai laneratzeko akonpainamenduko teknikarientzat, bai ekoizpen-arloko langileentzat.

Gizarteratze-enpresetan lan egiten dugunon ikuspegitik, elkartzeak eta sarean lan egiteak energia eta motibazio berria ematen digu, eta agerian uzten du pertsona asko garela gizartea eraldatzeko eredu honetan sinesten dugunak.