el 18-07-2025
Harrera egin digu Auxtin Ortiz, Lanagro Servicios laneratze enpresako kudeatzailea.
“LANAGROk egungo behin-behineko lan-ereduaren (aldi baterako lan handiak eta bazterketa sozialarekin) trantsizioa bultzatzen du, egonkorragoa den lan-eredu baterantz, prestakuntzarekin, gizarte- eta lan-inklusioarekin eta zerbitzuaren profesionaltasunarekin…… “
Nola sortzen da Laneratzeko Enpresa hau eta zein da bere jarduera nagusia?
Gaur egun, lehen sektoreko soldatapeko lan-merkatuak (nekazaritzako behin-behineko langileak) funtzionamendu desegokia du erabat. Alde batetik, behin-behineko langileek iraupen laburreko kontratuak eta bazterketa sozial-tasa handiak pairatzen dituzte. Beste alde batetik, kontratatzaileek erronka handiei egin behar diete aurre, esaterako, lan-esku eskasia eta hautagaien prestakuntza maila baxua.
Euskadin bizi diren behin-behineko langileen egoera ulertuta, eta lehen sektoreko upeltegi eta ekoizleek dituzten erronkak kontuan hartuta, ENDAA Elkarteak eta Gasteizko Caritas Elizbarrutikoak LANAGRO Servicios sortzea erabaki zuten 2023ko apirilean. LANAGRO laneratze Enpresa da, urte osoan zehar behin-behineko langileak kontratatzen dituena, haiekin laguntza-prozesua egiten duena, prestakuntza jarraitua eskaintzen diena eta nekazaritzako lanabes berrietan inbertitzen duena.
Horrela, LANAGROk egungo behin-behineko lan-ereduaren (aldi baterako lan handiak eta bazterketa sozialarekin) trantsizioa bultzatzen du, egonkorragoa den lan-eredu baterantz, prestakuntzarekin, gizarte- eta lan-inklusioarekin eta zerbitzuaren profesionaltasunarekin.
LANAGROk nekazaritza-zerbitzuak, lorezaintza-zerbitzuak eta ingurumen-zerbitzuak eskaintzen ditu Arabako Errioxan eta inguruko eremuetan. Halaber, nekazaritzako prestakuntza-zerbitzuak eskaintzen hasi gara berriki, eremu horretako langileen profesionalizazioan laguntzeko.
Nolakoa izan da enpresa-proiektuaren bilakaera orduz geroztik?
Gure laneratze Enpresa nahiko berria da, eta, ondorioz, azken bi urteetan bilakaera izugarria izan dugu. Hutsik hasi ginen: bezero gabe, talde teknikorik gabe, lanabesik gabe… Ez genuen ezer. Eta bi urte eskasean, 14 pertsonako taldea eta dibertsifikatutako eta errepikatzen den bezero-zorroa izatera iritsi gara. Gainera, oraintsu mahasti bat erosi dugu, gure prestakuntza-ahaleginei bultzada garrantzitsua emango diena.

Hala ere, oraindik asko dugu egiteko eta hobetzeko: enplegu gehiago sortu nahi ditugu, gure prestakuntza-eskaintza indartu prestakuntza arautua eskainiz, eta LANAGRO eredua lanean soldatapeko enpleguaren egonkortasun handiagoan, prestakuntzan, inklusio sozialean eta profesionaltasunean oinarritutako eredua; beste eskualde batzuetara ere heda dadin. Gure ametsa eredua aldatzea da, behin-behineko langileek betiko bazterketa sozialean bizi beharrik izan ez dezaten.
Nortzuk dira enpresara heltzen diren langileak?
Gure kasuan, batez ere Arabako Errioxan bizi diren behin-behineko langileak dira. Lan-prekarietate handia pairatzen dutenez, behin-behineko langileak gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak dira. Gaur egun, 14 laguneko taldea gara eta beste 3 pertsona kontratatzeko prozesuan gaude, urte bukaeran 17 lagun izatea aurreikusten dugulako (13 izango dira laneratzeko prozesuan daudenak).
Ba al dago partekatu nahi duzuen proiekturik edo jarduera berririk?
Bai, gure prestakuntza-eskaintza indartzeko apustu argia egiten ari gara, bereziki gure langileei zuzenduta, baina baita Arabako Errioxako beste behin-behineko langile batzuei ere. Sektore honetan profesionalizazioaren beharra handia dago. Basogintza-zerbitzuetan ere hasi gara urrats batzuk ematen. Lorezaintza-zerbitzuak, ingurumen-zerbitzuak eta, batez ere, nekazaritza-zerbitzuak dagoeneko sendotuta daude eta gure bezeroei kalitatez eta eraginkortasunez eskaintzeko gai gara.
Zer nolako ekarpen egiten dio laneratzeko enpresari Gizateako bazkide izateak?
GIZATEAren laguntza oso baliagarria izan da. Hasierako faseetan, LANAGRO sortzeko diseinua egiten ari ginenean, GIZATEAk emandako informazio eta tresnetatik elikatu ahal izan ginen. Laguntza estrategikoa izan da, akats asko eta alferrikako ordu asko aurrezteko balio izan diguna! Orain, laneratze Enpresa sendotze-prozesuan dagoenez, gure talde teknikoa aktiboki parte hartzen du GIZATEAko lan-taldeetan, eta horrek aukera ematen digu beste laneratze Enpresa batzuetako talde teknikoekin ikasteko eta esperientziak trukatzeko, urteetako ibilbidea eta esperientzia baitute.
