“Gizarte hobeagoaren alde ari gara lanean” kanpaina abiatu dugu

Por Gizatea

el 28-12-2016

2016ko abenduaren 27an. Gero eta gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa bilatzeko prozesuan, Gizateak, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkarteak “Gizarte hobeagoaren alde ari gara lanean” kanpaina, Lanbidek-Eusko Jaurlaritzako Euskal Enplegu Zerbitzuak parte hartzen eta finantzatzen duen ekimena, abiatu du, egoera zailean edo baztertuta dauden pertsonek enplegua errazago aurkitzea bultzatzeko, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen eta administrazio publikoaren arteko lankidetzaren bitartez.

Informazio kanpaina Euskadiko erakunde publikoei dago zuzenduta, eta kontrata daitezkeen zerbitzuak, eta gizarteratzeko eta laneratzeko enpresei esker gaur egun lanean ari diren pertsonak protagonista dituzten zenbait bide jasotzen ditu. Horrez gain, administrazio publikoak kontratu publikoen bitartez enpresa horiek bultzatzera animatzeko xedez, Gizateak, gizarteratzearekin konpromisoa erakusten duten erakunde publikoak eta pribatuak aintzatetsiko dituen zigilua sortu du.

Kontratuei buruzko egungo legediak berariaz eta inolako zalantzarik gabe aitortu du kontratazio publikoa gizarte arloko helburuak lortzeko erabiltzeko aukera. Iazko irailean onetsi zen 31/2015 Legeak, kontratu jakin batzuk edo horietako lote batzuk esleitzeko prozeduren barruan, gutxieneko ehuneko jakin bat Gizarteratzeko eta Laneratzeko Enpresen eta enplegu babestuko beste programa batzuen partaidetzarako erreserbatzera behartzen du.

Une honetan, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresek eskaintzen dituzten produktuen eta zerbitzuen bezeroen %81 bezero pribatuak dira (enpresak, erakunde pribatuak eta norbanakoak) eta %19 soilik dira sektore publikoko erakundeak. Informazio kanpaina horren bitartez, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresek sektore publikoarekin duten lankidetza handitzea bilatzen dute, kontratazio publikoa, gure gizartean egoera txarrenean dauden taldeentzat enplegua sortzeko orduan bere eragin potentzial guztia garatuko duen benetako tresna politikoa bilaka dadin.

Izan ere, kontratazio publikoak oso leku garrantzitsua betetzen du ekonomian, administrazio publiko guztiek BPGaren %18 inguru hartzen baitute. Hori dela eta, erakunde publiko batek kontratu bat esleitzen duen bakoitzean, eragin handia sortzen du merkatuan eta ingurunean.

Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak, laguntasuna eta lan merkatuan sartzea

Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak, euren arautegia kontuan izanda, xede gisa langabezian eta gizartetik baztertzeko egoeran edo arriskuan dauden pertsonak lan merkatuan sartzeko helburua duten ondasun edo zerbitzu egitura gisa definitzen dira, eta horretarako laguntasun pertsonala eta gizarte eta lan trebeziak garatzea, oinarrizko prestakuntza, lanerako koalifikazioa… aurreikusten duen prozesua bultzatzen dituzte. Gizarteratzean eta laneratzean espezializatuta dauden gizarte erakundeek bultzatzen dituzte eta enpresak diren arren, ez dute irabazi asmorik, izan ditzaketen irabazi posibleak beraien jarduera hobetzera bideratu behar baitituzte.

Hau da, enpresa hauek besteengatik bereiztera eramaten dituen ezaugarria, zailtasun bereziak dituzten taldeei enplegu normalizatua eskuratzea posible egiten dietela da, laguntasuna behar duten epealdia igaro ondoren lanpostua eskuratuz. Hori da enpresa horien balio erantsia, kalitatezko zerbitzuak eskaintzeaz gain, beharrezkoak diren giza eta teknika baliabideen bitartez.

Une honetan Gizatea elkarteko kide diren gizarteratzeko eta laneratzeko45 enpresek 1.100 pertsona baino gehiagori ematen diete lana, eta horietatik 650 inguruk enplegua eskuratzeko zailtasun bereziak dituzte. Gaitasunak garatzeko eta lanerako eskumenak eskuratzeko laguntasuna eskaintzen den 6 hilabete eta 3 urte arteko epealdiaren ondoren, kasuen %50 baino gehiagotan pertsona horiek lanpostu normalizatua eskuratzen dute.

Ostalaritza eta cateringa; 2. eskuko gaiak biltzea eta merkaturatzea; garbiketa; etxeko laguntza; industriako zerbitzu auxiliarrak; papergintza, inprenta eta arte grafikoak; eraikuntza eta zaharberritze lanak; eta elikagai eta produktu ekologikoak dira gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak gehien bat ari diren jarduera sektoreak. Hala ere, enpresa horien eskaintzaren barruan beste produktu eta zerbitzu batzuk ere badaude: aisia eta denbora libre jarduerak; ibilgailuen alokairua; artisautzako produktuen merkataritza; elikagaien banaketa; lorezaintza; arropak garbitzea; mantentze-lanak eta zerbitzu auxiliarrak; mekanika; mezularitza, garraioa eta paketegintza; porteak eta mudantzak; ehungintza, jantziak eta joskintza; zurez egindako lanak; eta basozaintzako edo/eta nekazaritzako lanak.

Beraz, gure erkidegoan jarduera eta aberastasun ekonomikoa sortzen duten enpresak dira, pertsonekin eta ingurunearekin konpromisoa erakutsiz eta gure gizartean zerbitzuen eta ondasunen kontratazioa eta erosketa egiteko orduan irizpide etikoak, arduratsuak eta solidarioak sustatuz.