Langileak bikoiztuaz, beste sektore batean hasteko asmoa du Txukunberrik

Por Gizatea

el 08-11-2010

Enpleguaren arloko Jardunbide Egokien Europar Atlasean jasota dagoen Txukunberri enpresak “gizarte-merkatu babestuak” garatzeko eskatu du

Garbiketa eta ostalaritzaren sektoreetan diharduen gizarteratze-enpresa da Txukunberri. Zabaltzen Elkarteak sortu zuen 2004an bbk solidarioaren laguntzaz , eta ordutik hona 180 pertsona laneratu ditu, euretako % 90 emakumeak. Txukunberri enpresa Enpleguaren Arloko Jardunbide Egokien Europar Atlasean sartu da. Bere gerenteak Hirugarren Sektoreko enpresen lana aintzat hartuko duten “gizarte-merkatu babestuak” garatu daitezela eskatu du.

Durangoko Merinaldearen Mankomunitatearen beharrei erantzuna emateko jaio zen enpresa hau, eta gaur egun Busturialdean, Durangaldean, Lea Artibain eta Deba Beherean eta Deba Garaian ere ari da lanean. Hasieratik, hala inbertsioetarako nola kapital zirkulatzailerako laguntza finantzarioa jaso zuen bbk solidariorengandik, eta bai negozio-ideiari eta proiektua abiarazi aurretiko azterketei buruzko aholkularitza ere bbk gazte lanbideanen eskutik.

Txukunberri garbiketaren sektorean hasi zen jarduten; enpresetan, tailerretan, bulegoetan, atarietan, garajeetan eta etxeetan. Garairik onenean garbiketaren sektorean hogeita hamar gizarteratze-lanpostu inguru izatera iritsi zen, nahiz eta Txetxu Otero gerenteak adierazitakoaren arabera, “merkatuan leku bat egitea ez da erreza izan, sektorea gogorra delako eta lehiakideak, indartsuak”.

Euren lana erraztuko luketen “gizarte-merkatu babestuak” sortu daitezela nahi dute gizarteratze-enpresek. “Gure gizartean merkatua jaun eta jabe dela jakin badakigu, eta horregatik , Administrazio publikoek gizarteratze-enpresak baldintza ekonomiko berdinetan kontratatzearekin konformatuko ginateke”. “Hala ere -adierazi du Txetxu Oterok-, oztopo hori gainditu eta instituzioek Hirugarren Sektoreko enpresek egiten duten gizarte-lana aintzat hartu behar dutela pentsatzen dut”.

Krisialdi ekonomikoak bere alderdi gordinena agerian jarri aurretik ere, merkatua gogortzen hasia zela detektatu zuen Txukunberrik. Azpikontratatzaile gisa, krisialdiak jotako enpresa askok enpresaren zerbitzuak kontratatzeari utzi eta garbiketa-lanak euren langileek egiten zituztela ikusi zuten. Egoera honen aurrean, alternatibak bilatzeari ekin zion enpresak. “2008tik aurrera, gure esparruan zeuden lan-arloko beharrak aztertu ondoren, ostalaritzaren sektoreko enpleguetarako prestakuntzaren aldeko apustua egitea erabaki genuen”, azaldu du Txetxu Oterok. “2010ean hitzarmen bat sinatu dugu Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Durangoko Udalarekin eta eskualdeko hainbat entitate eta elkarterekin”.

Hitzarmen horri esker, gizarteratze-lanetarako bi lokal laga ditu Durangoko Udalak, eta lau ostalaritza-zentro kudeatzen ditu Txukunberrik. 2010eko maiatzean Aretxabaletako erretiratuen etxeko tabernarekin hasi ziren, eta bide beretik jarraitu dute Markinako kultura-gune batekin, eta Debako eta Durangoko erretiratuen etxearekin. Txukunberrik berrogeita hamar langile inguru ditu gaur egun eta enpresaren jardueran, ostalaritzak garbiketak baino garrantzi gehiago hartu du, hala fakturazioan, nola enplegatzen dituen pertsona kopuruari dagokionean ere. Bestalde, merkatu-negozio berriak aztertzen ari dira, 2012an hirugarren jarduera-arlo batean hasteko asmoz.

Hasiera hasieratik, lana eta familia bateratzearen arazoa oso kontuan hartu du Txukunberriren laneratze-proiektuak. Gaur egun, Txukunberriko ostalaritza-arloan lan egiten duten langile guztiak emakumeak dira, guraso bakarreko familiakoak eta seme-alabak dituztenak gehienak. Laneratze-enpleguak aldi baterako dira, eta ohiko lan-merkatuan aritzeko trebakuntza eskaintzea da horien xedea.

“Gure enpresa Enpleguaren arloko Jardunbide Egokien Europar Atlasaren barruan sartu izana lagungarria da guretzat”, esan digu Txetxu Oterok. “Azken urtean, langileen kopurua bikoiztu dugu, eta hazten jarraituko dugulakoan nago. Jaso dugun aintzatespen horrek gure eguneroko lana ezagunagoa izaten laguntzen du, eta nire ustez, horri esker, errazagoa izango da erakunde publiko batzuek guri ateak zabaltzea. Hala eta guztiz ere, ezin gara horretan gelditu; gizarte-erantzun berriak bilatzen jarraitu behar dugu”.

Infomazio iturria: BBK konpromisoa

Estekak

https://portal.bbk.es/servlet/Satellite?pagename=PlantillasPortalbbk/Newsletter/generarHTML&idioma=_eusk&cid=1179839996685&c=Page&localizador=%231179839996685