162/2023 Dekretua, laneratzeko enpresentzako arau esparru autonomiko berria

Por Gizatea

el 23-11-2023

Aurreko ostegunean, azaroaren 16an, argitaratu zen 162/2023 DEKRETUA, urriaren 31koa, zeinaren bidez laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen baita, eta enpresa horietan sartzeko prozedura eta haien erregistroa ezartzen baitira.

Araua argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean, eta orain arte laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen zuen 182/2008 Dekretua indargabetzen du. Horrek aldaketa-prozesu baten amaiera dakar, eta, horren bidez, sektorea arautzen duten neurri guztiak berrikusi eta egokitu dira.

Dekretuaren aldaketa nagusiak honako hauei dagozkio:

  • Laneratzeko enpresa batek kontrata ditzakeen pertsonen kolektiboak zabaltzea, egoera ahulenean dauden pertsonen babesean sakonduz. Horien artean, honako hauek daude:
    • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGD) jaso ezin duten pertsonak,adinaren baldintza ez betetzeagatik.
    • 16 eta 18 bitarteko gazte adingabeak babesteko erakundeetan ibili direnak.
    • Baldintzapeko askatasunean dauden pertsonak eta preso ohiak
    • Indarkeria matxistaren edo emakumearen aurkako edozein indarkeria motaren biktima diren emakumeak, baldin eta laguntza espezifikoak jasotzen badituzte edo lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak badituzte, harrera-baliabide espezifikoetatik etortzeagatik edo bestelako arrazoiren batengatik.
    • Era berean, gizarteratze- eta laneratze-prozesu bati ekiteko asmoz laneratzeko enpresa batean sartzeko moduko pertsonatzat hartuko dira errotze sozialeko arrazoiengatik aldi baterako bizileku-baimenaren ebazpena duten eta enplegu-eskaerarik ez duten atzerritarrak
  • Gizarte-bazterkeriako egoera eraginkorragoak eta arinagoak egiaztatzeko prozesuak ezartzea, izapideak sinplifikatuz eta argituz eta horren guztiaren erdigunean Lanbide kokatuz.

Era berean, dekretu hori onartzeak berekin dakar laneratzeko enpresentzako laguntzen beste agindu bat izapidetzea. Laguntza horien artean, beste dirulaguntza bat sartzen da, enplegu babestutik enplegu arruntera igarotzea errazteko, gizarteratze-prozesua amaitu ondoren.

Sektorearen harrera ona izan du dekretuaren eguneratze honek, arau-esparrua testuinguru sozioekonomikora eta kalteberatasun-egoeran dauden eta lan-merkatutik urrun dauden pertsonen beharretara egokitzea dakarrelako.